VIRGINIA IMAZ eta CARMELO MUÑOZ – OIHULARI KLOWN (Euskadi) “KLOWNA ETA OBJEKTUEKIN JOLASTEA”

Apirilaren 19tik 21era. 
16:00etatik  19:00etara (9 lan ordu).
Ez da aurreko esperientziarik behar.

Oihulari Klowneko kideontzat klown-jolasa adierazpen-jarduera bat da batez ere. Alegia, helburua ez da pailazoarena egiten ikastea; xedea “ekologia mentala”ren dinamiken bidez, gure barruan dohainik handienak bilatzea da: eromen inozoa, barne-barneko emozioak, eskuzabaltasuna, poesia … Gure lana “klown berriaren” korrontean kokatuko litzateke, beste era batera esanda, “klowna eta bizitza” ikertu nahi ditugu, “ klowna eta zirkoa”ri arreta jarri beharrean. Bilatzen duguna, bakoitzak barruan daraman klownaren garapen garaikidea, subjektiboa eta pertsonala da, beti ere Auguste pertsonaia tradizionalari jarraikiz. Bat-batekotasuna praktikatzea interesatzen zaigu bereziki, klown-jolasaren zutabea delako. Dena dela, gure ustez, inprobisazioa ez da inprobisatzen. Gure irakasle nagusiek, Bataclown Taldekoek horixe irakatsi ziguten eta gu bat gatoz horrekin. Ikastaro honen bidez barrearen zeremoniara, nekez iristen den horretara, gonbidatzen zaituztegu. Divertimento honetan garrantzitsuena objektuekin egiten den jolasa da. Gorputza da jolaserako lehenengo objektua. Inprobisazioa jantziekin eta osagarriekin burutzen da. Objektu handiekin eta txikiekin. Esanahi anitzeko objektuak eta sinbolikoki oso zehaztutakoak. Objektua partenaire gisa, emozioen bitartekari gisa, ikusizko metafora gisa …


Oihulari Klown

Virginia Imaz Quijerak eta Jose Carmelo Muñoz Condek 1987an sortu zuten Oihulari Klown Antzeki-konpainia (Gipuzkoa) . Klown-antzerkian eta ahozko kontakizunetan espezializatu dira. Bereziki klownean hezitzeko maskara-antzerkiko 50 profesionalen laguntza izan dute (pailazoak, bufoiak eta commedia dell´arte). 30 urtetan 2.000 formakuntza ordu baino gehiago jaso dituzte. Bestalde, norbere komizitatea bilatzeko ikastaroetan 12.000 ordutik gora eman dituzte. Virginia Imazek maskara-antzekian hainbat lan zuzendu eta aholkatu ditu: 48 ikuskizun eta 17 antzerki-konpainia. 1998ko ekainetik 2000ko abendura pertsonaia komiko gisa parte hartu zuen CIRQUE DU SOLEIL ospetsuaren LA NOUBA ikuskizunean, bai Kanadan bai EEBBetan. Biltzarretan, jardunaldietan eta mahai-inguruetan ezagunak dira, klowna inprobisatzeko praktika berritzailea bait dute. Eurek “clownclusiones” esaten diote. Gaur egun, konpainiarekin lan egin ohi duten 10 pertsonek 9 ikuskizun dauzkate errepertorioan. Bestalde, bi proiektu berri sortzen ari dira buru-belarri: Tontamentean eta Pronoia.
2018ko apirilean Virginia Imaz Quijerak Emakunderen 2017ko Berdintasun Saria jaso zuen, arte eszenikoetan 30 urtetik gorako ibilbide luzean eta ausartean kontzientzia feminista aldarrikatu duelako.

www.oihulariklown.org