ANITA MARAVILLAS (Euskadi/Chile) “BIZIRIK DAGO! Laborategia”

Apirilaren 10etik 12 ra.
Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara (9 orduko jarduna)
Ez da esperientziarik behar

Guztiz praktikoa izango den laborategi honetan gure begirada berbideratzen saiatuko gara arimagabekoengan ezkutatutako bizia eta unibertso amaigabea begiztatzeko: gauza/txotxongiloa eszenan. Gauzekin sortutako antzerkiaren eta txotxongiloen antzerki garaikidearen zertzelada nagusiak azalduko ditugu. Jolasekin eta inprobisatuz gauzek esateko dutena entzungo dugu, horretarako protagonismoa utzi beharko diegu. Aurrean zabaltzen zaigun unibertso bisual, poetiko, sinboliko, metaforiko eta plastikoan murgilduko gara gero. Gauzak biziz eta emozioz janzteko oinarrizko ikasgai batzuk ere jasoko ditugu, manipulazioa, arnasketa, edota begirada kinesikoa landuz. Txotxongilo/gauza eta manipulatzaile/bizi-emailearen artean sortzen den harremanaz gogoeta egingo dugu. Eta narrazio-bisuala landuko dugu, jakiteko nola erabili gauzak eta txotxongiloak publikoa harrapatzeko.


Anita Maravillas

Anita Maravillas antzerki taldeak txotxongilo piezak bakarrik sortzen ditu, Euskal Herrian bakarrik txotxongiloekin lan egiten duen talde bakanetakoa da. Euren bizkarrean trebakuntza eta ikerlan sendoa daramate, Bartzelonan sortu eta Euskal Herrian ekoiztutako lehen pieza haietatik hasita Zornotza Aretoa eta Portal 71 ekoiztetxea dituzte bidelagun . Konpainia Miren Larrea euskaldunak eta Valentina Raposo txiletarrak sortu zuten 2005ean. Azken lanetan Ivan Alonso aritu da zuzendaritzan, eta Ion Chavezek argiztapenaz gain sorkuntzan ere parte hartu du.

Anita Maravillas Teatroak hasieratik aldarrikatu du txotxongilo-antzerkia eta beronek antzerki kode garaikideekin dituen lotura eta ekarpen anitz eta mugagabeak. Orain arte, txotxongilogintza antzerkia baino txikiagotzat ikusi dela kontuan izanda, zera proposatzen dute: txotxongiloa bere horretan hartu, eta haren apaltasun eta jario amaigabetik, ikerketaren, sorkuntzaren eta antzerkiaren hedapenaren ardatz bilakatzea, berezkoak zaizkion lengoaia, dramaturgia eta teknika aberatsa azalaraziz.

http://anitamaravillasteatro.blogspot.com