CARLO MÔ (Katalunia) “KLOWN HABITATUA / GORPUTZ EMOZIONALA”

Apirilaren 10etik 12ra.
16:00etatik 19:00etara (9 orduko jarduna)
Beharrezkoa da antzerkigintzan oinarrizko esperientzia izatea.

Ikastaro honetan emozioen esparruko ikerketa sakon bat abiatuko dugu, emozio intelektualak, emozionalak eta erraietakoak bereiziz, nondik datozen eta gure gorputzari nola eragiten dioten identifikatzeko. Klowna eta egia abiapuntutzat hartuz, gure adierazpen fisikoa zabalduko dugu, oholtzan presentzia irabazi arte, bai handitasunean zein txikitasunean; horrela, klowna eszenan berezko zaion egia osoarekin gailendu dadin. Klowna emozioaren karikatura da, beti egia fisiko eta emozionaletik abiatuta.

Carlo Mô

Arte dramatikoko ikasketak egin eta gero klownean espezializatu zen, harrezkero bere ibilbide profesionalaren eta trebakuntzaren ardatza da klowna. 2000. urteaz geroztik dabil oholtzarik oholtza, eta 2002tik ari da trebatzaile lanetan, keinuetan oinarritutako klown fisiko eta emozionalean espezialista da.

Ia 20 urteko ibilbide artistikoan zehar 2 talde sortu ditu: Mô-House 2000. urtean eta Carlo Mô & Mr. Di 2007an; azken horrekin antzezlan mordoa sortu du, aipagarrienen artean “Teatro de lo infame” eta “aWish”.

Baina ibilbide honetan bakarkako bide aberatsa ere jorratu du, orain buru-belarri dihardu horretan.  Hasieran berba keinu bidezko umorearekin uztartzen bazuen ere, urte batzuetatik hona keinu-antzerkian dihardu.

2011. urtean Jordi Sole Andresekin batera (Mr. Di), la Factoría DiMô, sortu zuen. Bertan entseatzen dute eta klown eskolak ematen dituzte. Aurtengoa Ikasleen 8. promozioa izango da. Azken urteotan, gainera, irakaskuntzan aritzeaz gain, zenbait ikuskizunen eszena zuzendari lanak ere egin ditu.

http://carlomoclown.com/